XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal liburugintza 1976an

Liburugintzaren abiadak herri baten kultur kondizioak, beharkizunak eta premiak adierazi ohi ditu.

Bai, herri baten aurpegia liburutan ere ikusten ahal da.

Liburugintzaren eboluzioa eta barne-egitura aztertu behar horretarako.

1976ko liburugintzari begira, harritzen ez gaituen datu bat agertzen da nabarmen: euskaraz erabili gabeko gai asko gelditzen direla.

UNESCOren klasifikatzea har dezagun, neurtzeko.

Hango 23 gaietatik 14 ukitu dira euskaraz (ukitu, diot, eta ez tratatu, sailik gehienetan oso liburu guti agertu da eta).

Egin dudan gai-sailkapenean ikus daiteke hori hobeto.

Kontsolatzeko besterik ez bada ere, beste zenbait urtetan gutiago izan dugula esan beharra dago: 1961ean lau gai-sail tratatu genituen, 1974ean hamar, esaterako.

Zeintzu falta zaizkigun? Betikoak, guti edo asko.

Inportanteenen artean, filosofia, zientzia politikoa, administralgo publikoarekikoa, deretxoa, medikuntz zientziak, nekazaritza gaiak, kirolak, etc.

Hitz gutitan, bizitza publikoari, administralgoari, bizitza ofizialari dagozkien gaiak oro falta dira euskaraz.

Honen arrazoia begien bistakoa da.

Erabili diren gaien artean ere, batetik besterako aldeak ikaragarriak dira.

Gehien erabili den saila, literatura da, %23rekin.

Kontu egin dezagun, 1960-1975 urteak osoan harturik, literaturaren proportzioa askoz handiagoa dela, alegia, %41.

Normaltzen ari bide gara: %25en inguruan omen dabil herri hazietako normaltasuna.